Arreta! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologia erabiltzen du.

Ez baduzu, zure nabigatzailearen konfigurazioa aldatu, bere erabilera onartzen duzu. Irakurri gehiago

Ados

Filomena Trocóniz Santacoloma

fundadora1Hainbat datu biografiko

Filomena Trocóniz Portugaleten jaio zen 1902ko urtarrilaren 23an, goizeko zortzietan, eta otsailaren 3an baiaiatu zuten, Andra Mari elizako bataioen liburuan agertu bezala. Aita, Fernando Trocóniz Ortiz, Arabako Ilarraza herritik etorria, langilea zen Labe Garaietan. Filomena txiki-txikia zela hil zen. Ama, berriz, Gabina Santacoloma Zamarripa zen, Trapagaranen jaioa. Familia Ojillo kaleko 11. zenbakian bizi zen eta kasik segurua da etxe horretan bertan jaio zela Filomena.

Filomena Bilbon hil zen 1986ko otsailaren 25ean. Elizkizunak egin zizkioten Portugaleteko Andra Mari basilikan. Meza Txomin Bereziartua parrokoak, Fundazioaren Patronatoko kideak, eman zuen. Zugaztietan ehortzi zuten, familiak hango hilerrian zeukan panteoian.

Portugaleteko Udalak osoko bilkura batean erabaki zuen haren izena ematea herriko plaza bati.

Lan-bizimodua

Trocóniz maistra izan zen lanbidez eta maistra gisara jardun zuen hainbat eskolatan. Hasiera batean, 1922an, Barrietas Altas auzunean (Sopuerta) jardun zuen eta 1924an Galdameseko Chávarri eskolara aldatu zen. Ikasgela bakarreko eskolak ziren haiek, geroago unitario izendatuak; mistoak ziren eta adin eta maila guztietako neska-mutilak biltzen zituzten. Gero, 1926-1927 ikasturtean, Sanfuentesera (Abanto-Zierbena) igaro zen eta 1927tik 1932ra Uriosten jardun zuen. Hortik aurrera Gorlizko sendategian izan zen maistra berrogei urtetan, 1972an erretiroa hartu zuen arte.

Nortasuna

Gorlizen izan zituen ikasleak neskato eta mutiko gaixoak ziren, sendategian bizi zirenak. Mercedes de Olivar Karitateko Alabaren esanetan, sendategian "Filo andrea" esaten zioten eta oso apala zen, batere apaindura eta luxurik gabekoa, oso hurbila eta guztiz emana haurrekiko lanera. Ezagutu zuten guztiak bat datoz esatean umila zela, hurbila, xeratsua eta lankide zintzoa; halaber diote ez ziola garrantzirik ematen egiten zuen lanari, alaia zela eta gogoz parte hartzen zuela sendategiko jaietan.

Lankide eta adiskide batzuen esanetan, ederra izan zen gaztetan eta beti gustu onekoa eta dotorea. Adimentsua, langile fina, sormen handikoa, adeitsua, alaia eta oso interesaturik beti ikasleekin. Txisteak kontatzen omen zituen eta gustora kantatzen zuen jai eta ospakizunetan, batez ere Gabonetan eta sendategiko zuzendariaren urtebetetzeetan. Aparteko egun horiei begira antzerki lanak prestatzen zituen edo olerkiak eta kantuak idazten, ikasleek haren zuzendaritzapean interpreta zitzaten.

Ikasia zen, kulturaduna, fin-fina harremanetan, lasaia, sosegatua eta oso eraginkorra lanean. Liburuzalea zen, halaber, eta musika klasikoa bereziki gogoko zuen. Etxezulo hutsa zela, denbora luzea ematen zuen etxean pianoa jotzen.

Guztiz emana zen, beraz, hezkuntza eta irakaskuntzara. Maistra gisara, zorrotza izan zen beti, diziplinazalea, nortasun handikoa eta errespetua bereganatzen duten horietakoa.

Batere apaindura eta luxurik gabe bizi izan zenez gero, dirutza bildu zuen, boltsan inbertitu eta, azkenik, osorik erabili zuen Portugaleteko neska-mutilen prestakuntzan eta hezkuntzan.

Trocóniz andrearen borondatea bete nahian eratu zen 1986ko irailaren 29an Trocóniz Santacoloma Fundazioa, haren helburu eta xedea delarik Portugaleteko neska-mutilen prestakuntza eta hezkuntza. Fundazioa horrelako ezaugarriak zituen aurren-aurrena izan zen Eusko Jaurlaritzako erregistroan inskribatutakoen artean. Fundazioaren buruak Portugaleteko alkatea, Andra Mari basilikako parrokoa eta Portugaleteko Udalaren Hezkuntza zinegotzia dira.

Portugaleteko Udalak, Trocónizen eskuzabaltasuna eskertu nahian, haren izena eman zion herriko plaza bati, haren margo bat gomendatu eta udal bulegoetan ezarri zuen.

Inprimatu E-maila